“Hizkuntza gutxitu batetik idazten dugun arren, ez dut modu gutxituan idatzi nahi”

Irakurle amorratua, ideia baten eta bere ñabarduren inguruan beti burua bueltaka duela bizi da Josu Goikoetxea (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1974). Bi hamarkadaz bertsogintzari lotuta egon ostean, duela zazpi urte argitaratu zuen lehen liburua, eta bederatzi istorioz osaturiko ipuin liburua dakar oraingoan: Lakioa. Hain zuzen, Joseba Jaka beka eskuratzeak eman zion prosara salto egiteko segurtasuna. Idazle berantiartzat du bere burua, eta oraindik nobela bat idazteko diziplinarik ez duela adierazi arren, aurreratu du ez dela argitaratutako azkena izango. Hibai Agorriak egin du Lakioaren azala Urdaibairi erreferentzia eginez.