Indarkeria matxista prebenitzeko eta horri aurre egiteko protokoloak tai gabe egiten dira elkarte, fundazio, enpresa eta bestelako gune kultural edo sozio-ekonomikoetan. Ardurenean diagnosi batetik abiatzen dira, inguruneko giroa nolako den jakin ahal izateko. Oraingo honetan, Euskal Herriko ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako sektorean egin da diagnosi hori, eta emaitzak izugarriak izan dira. Egindako azterketak agerian uzten du “indarkeria matxista ez dela kasu isolatuen emaitza, baizik eta sektorearen egitura, hierarkiak eta botere harremanekin lotutako errealitate sistemikoa” dela. Beste askotan gertatzen den bezala, langileek, sortzaileek, profesionalek eta abarrek ez dute beren “lantokia espazio seguru gisa” bizitzen.