Etxebizitzak

Orain dela hilabete asko adiskide batekin nengoela etxebizitzaren arazoaz hasi ginen hizketan ez dakit nola; esan nion (ohi baino ezkorragoa egongo nintzen) nire ustez etxebizitzen kontuak ez zuela konponbiderik. Adiskideak harriturik edo haserreturik berehalakoan bota zuen: “Bai, badu, konponbide sobietarra”. Barre egin nuen: “Orduan zuk ere uste duzu ez dagoela zer eginik, ez gaude konponbide sobietarren garaian”. Denbora pasatu da, eta etxebizitzen kontuak berdin jarraitzen du, edo okerrago. Ezin konta neurriak iragarri eta hartu omen dituzte agintariek (tentsio handiko eremuak, alokairuak mugatzeko saiakerak, alokairu sozialak bultzatzeko nahiak, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzearen aldeko aldarrikapenak eta abar), baina badirudi arazoa bere horretan dagoela, edo okerrago. Egia esan, neurri horietako bakoitzaren berri dudanean, pentsatzen dut mendebaldeko Europan 1950eko eta 1960ko hamarkadetako sozialdemokratentzat, baita garai hartako kristau-demokratentzat ere, barregarriak izango liratekeela.