Gozamen ederra da ikustea nola darien euskara Nafarroako Artxibo Nagusiko erdarazko paperei, baita hiriburuarekin zerikusia duten agiriei ere. Oroitarazi behar da zenbaitek garai batean ukatu egiten zutela Iruñerria guztiz euskalduna izan zenik. Gero, hamaika agirik eta azterlanek hiriburuaren inguruko zendea eta ibarretako jendearen euskal mintzoa frogatu izanaren ondorioz, onartu zuten euskara mendez mende mintzatu zela gure inguru hurbilean, gogoz kontra onartu ere, baina argi utzirik Iruñeko hizkuntza bakarra erdara izan dela beti, erran nahi baita, Iruñea garaian garaiko erdaren gotorlekua izan dela gizaldiz gizaldi, Pompelok hiria sortu zuenetik, euskara harresietatik kanpo utzirik.