Nolakoak dira zure atzerako kontaketak? Irudikatzen dut nork bere erara bizi dituela eta, atzerako kontaketek zer ezkutatzen duten, sentipen bat edo beste sortzen dizkigutela. Izan liteke ezinegona, poza, tristura, lotura eta/edo askatasuna. Baina atzerako kontaketek, sentiarazten digutena sentiarazten digutela, gertakizunen bat ezkutatzen dute beren atzean. Gertaera baten iratzargailu ditugu; gertaera bati hasiera emateko erloju edo makina baten beti-bateko hotsaren iragarle dira: “Tik-tak, tik-tak, erlojua aitzinera doa, ezin gara gelditu, ezin dugu denborarik galdu, hasi da atzerako kontaketa...”.