Txutea | Collector
Txutea
Diario de Noticias

Txutea

Goizetan kafea hartu barik etxetik irtenez gero, ez duela funtzionatzen dio nire lagun batek. Goizean “txute” hori behar duela esan dit, hitz horrekin, txutea. Eta bai, asko gara goizez kafeina dosia behar dugunok gure gorputza eta arima altxatzeko. Kafeinarekin batera, baina, bestelako txute edo bulkadak behar izaten ditugu indarrez aurrera egin ahal izateko. Aspaldiko lagun bat ikusi eta besarkatzeak, adibidez, eman diezaguke behar dugun serotonina dosia egunaren bukaerara energiaz heltzeko; edo gure seme-alaben lorpen batek sentiarazten digun harrotasunak eman diezaguke kemena; edo lan bat ondo burutzeak ematen digun bakeak adorez bete gaitzake. Azken bi asteetan, baina, beste zerbaitek eman dit niri goizero beharrezkoa nuen “txutea”: gosaldu bitartean, telebistan zuenean Korrika ikusteak, hain zuzen ere. Goizeko orduetan, jendetza korrikan, oihuka, denak norabide berean, denak hizkuntza baten alde. Herriz herri, eskuz esku. Ze handia den Korrika. Ze herri zoro den hau, pentsatzen dut. Eta harro sentitzen naiz, nire herriaz harro, hizkuntza baten aldeko maitasunaz harro.

Go to News Site